XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zezenak datoz Kolore piska bat falta ez dadin, zezenak agindu dizkigute igande honetarako.

Bilbo eta Iruñakoek Pilarren kateak bereganatzen dituztenez, Azpeitikoak eskeiniko dizkigute txoritxoek.

Txapel eta puro ugari ikusiko ditugu Azpeitiko arramalletan ikuskizun odoltsu honi ohizko giroa jarriz.

Agian, aurreko urtean gertatutakoa errepikatzen bada, kolorezko zezenak izango ditugu Urola bailaren egiten den festa berezi honetan, baina zihur aski ertzain ugari jarriko dituzte adardunak kontutzeko.

Ikuskizuna osatzeko falta den gauza bakarra zezen-plazan eskegituko den banderaren kolorea jakitea da.

Dagoeneko Gaur Egun batean eskeini ziguten zezenen aurkezpena.

San Inazioren kontura meza herri berberatik eskeintzen badigute, igandea guztiz azpeitiarra izan dezakegu.

Agintari eta guzti, Basilikako sapaia bere buru gainean erortzeko beldur ez badira gutxienez.

Astean eskeintzen zaizkigun filmen artean aipagarria da igande arratsaldean eskeiniko digutena.

ETBkoek bere bigarren izena jarri diote Gure asaba zahar maitatuaren itzala, baina gure artean Los corceles de fuego izenarekin ezagutaraztera eman zen, eta bere zuzendariak Sergei Paradzhanovek nazio arteko onarpena lortu zuen berarekin.

Larunbateko filmeak Azken mohikanoa eta Sauraren Lehen metroak, historia gutxiago dute, eta azken garaietan ohitura bihurtu zen asteazken gaueko gaztetxo filmeak bere lekua utzi dio.

Sobietar Batasuneko taldeak Alemania Demokratikoari aurre egingo dio Eibarko Polikiroldegian.

Emanaldia zuzenean eskeiniko digute.

Hau da aste honetarako zehaztuta dagoen kirol-emanaldi bakarra, eta oraingoz ez dirudi beste zerbait lortuko dutenik.

Zezenak, filmeak eta eskubaloia aipatu ondoren, zerbait gehiago aipatzea oso zaila egiten da udarako ohizko programazioan dauden telesail mordoen artean zerbait aukeratzea lan astuna egiten bait da.

Ohizko komentariotara bueltatu beharko ginateke karikatura bat besterik bihurtu ez den kate euskaldun honetan.

Goizegi bukatu zuten zenbait saiorekin, eta berriak edo zaharrak eraberrituak aurkitu arte kate atzerriratzea nahi ta nahiezkoa izango da.

Mingarriagoa oraindik ETBk duen erdal katean neguko zenbait saioek uztailan jarraitu bait dute.

Euskaldunek besteak baino opor luzeagoak izango dituzte, ala neguko txanpa luzeegia izan da... edo presuposturik gabe gelditu dira.

Norbaitek udaldiko geldialdi honen arrazoiak argitu beharko lituzke, inork ez bait du sinetsiko ETBko langileek hiru hilabeteko oporrak dituztenik.

Badaude beste batzuk agirian inoiz oporrak hartzen ez dituztenak, gure etsipen eta tristurarako, jasan ezinezko oinazea ez bada.

Maria Subrak, ETBko musika-saioen ekoizleak, badu seigarren zentzumen berezi bat, eta trebetasun haundiz disko multinazionalek plazaratu berri dituzten diskoen bideo-klip guztiak momentu egokienean eskeintzen ditu Klip Klip Uda saioan.

Nahiko berezia seigarren zentzumen hau, musika arloan aukera gehiago bait daude, baina gure ekoizleak Madrideko sukursaletik ekarritako zintak sartzen bait ditu ia beti.

Eta beste musika saioak bukatu direnez, Madridera bere diskoa aurkeztera hurbiltzen diren musikoen elkarrizketak ere udarako porrusalda honetan sartzen dituzte.

Norbaitek argitu beharko luke ze preziotan erosten dituzten bideo-klip hauek, ala dohainezkoak diren.

Honela izango ez balitz, eta gainera garesti ordaintzen badituzte, atzetik eskupekorik dagoen galdetu beharko genioke beste norbaiti. J. J. IRIBAR.